img_1552

Dinamika berriaren lehenengo hitzordua urriaren 15ean izango da, 12etan, Diputazioa eta Santander banketxe bitartean

Erraustegiaren aurkako protestak areagotuko dira hurrengo asteotan Gipuzkoan. Erraustegiek osasunari egiten dioten kaltea zientifikoki demostratuta egon arren, eta Gipuzkoan inoiz egin den diru publikoaren xahuketarik handienak herritarren artean sortu duen haserrea kontuan hartu gabe, Diputazioak erraustegiarekin egoskortuta jarraitzen du. Honen aurrean, Erraustegiaren aurkako Mugimenduak mobilizazioak areagotzea erabaki du, herritarren aurkako eraso honen arduradun politikoen jokabidea salatzeaz gain, gure osasuna eta diruaren kontura aberastuko diren bankari zein enpresariek ere herritarron salaketak entzun beharko dituzte.

Uda erdian, ezkutukeriaz, Diputazioak bedeinkapen politikoa eman zion Zubietako erraustegiaren proiektuari. Oporretara joan baino egun bat lehenago, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) Zubietako erraustegia eraikitzeko baldintza-agiriak onartu zituen, herritarren protesta artean. Hortik aurrera, proiektuak bere tramitazio administratiboa jarraitu du, berriro ere ezkutukeriaz eta mugimendu susmagarriez beteta. Urriaren bukaerarako espero da hurrengo pausua: konkurtso publikoaren epe bukaera.

Diputazioak errauste planta eraikitzeko eta kudeatzeko pribatizaziora joko zuela, kontratua 1500-2000 miloi euro 35 urtetan izango zela eta benefizio enpresarial garbia %10,5ekoa izango zela iragarri zuenetik, Gipuzkoa putrez betetzen hasi zen. Putreak, bai, hau ez delako edozein negozio, hemen jendartearen osasuna jokoan baitago. Hortaz, konkurtsora aurkeztu diren multinazionalek eta atzean dauden banketxeek uste badute Gipuzkoako herritarrok beso gurutzaturik geratuko garela horrelako lapurretaren aurrean, oso oker daude.

Erraustegiaren aurkako Mugimendutik Diputazioak eskaini dien negozio borobilarekin eskuak igurzten ari diren multinazional eta banketxeei zera esan nahi diegu: pentsatu bi aldiz non sartzera zoazten, gipuzkoarrok ez dugu erraustegirik nahi, ez dugu behar, eta ez dugu etsiko proiektua gelditu arte. Hots, beharbada diru itzela irabazi beharrean, dirua galduko duzuen hipotesia ere ondo aztertu. Eta gogoratu: gure eta gure ondorengoen osasunak negozio honek sor ditzakeen mozkin guztiak baino askoz ere gehiago balio du.

Herritarrak, medikuak, alderdi politiko gehienak, sindikatu guztiak, mugimendu ekologista, eragile sozial mordoa, Zubieta inguruko udaletxe gehienak (Andoain eta Lasarte barne), kirolariak, kulturgileak, ikasle, irakasle zein gurasoen elkarteak… argi eta garbi azaldu dira erraustegiaren aurka. Eta aurkakotasuna gero eta handiagoa da, gainera.

Izan ere, erraustegiaren kalte kolateralak Gipuzkoa osora zabaltzen ari dira, Diputazioak zabortegiak han eta hemen kokatu nahi dituelako. Zentzu honetan, Erraustegiaren aurkako Mugimendutik gure elkartasuna bidali nahi diegu Debagoiena, Urola eta Goierrin zabortegien aurka, birziklapenaren alde eta errausketaren kontra sortzen eta ugaritzen ari diren herri mugimenduei.

Horiek horrela, Erraustegiaren aurkako Mugimenduak Gipuzkoako herritarrei kalera ateratzeko deia luzatzen die. Zeren eta oraintxe bertan, bulego ilunetan, eskrupulorik gabeko negozio-gizonak denon dirua eta osasunaren kontura aberastu nahian ari dira, Gipuzkoako agintari politikoen oniritzi lotsagabearekin.

Zehazki, urriaren 15ean mobilizatzeko deia egiten dugu, Foru Aldunditik Banco Santander-eko egoitzara, goizeko 12.00etan, “Zuen negozioa, gure minbizia” lemapean. Beste aldetik, hurrengo egun eta astetarako mobilizazio eta ekimenak biderkatuko ditugula jakinarazten dugu, beti ere gure dirua eta osasunaren kontura aberastu nahi duten multinazional, banketxe eta politikarien ardura salatuz.