Zubietako Erraustegia planifikatuta dago Gipuzkoako herritarrok urtean 200.000 tona zabor nahasi sortu eta kiskaltzeko. 2016an gutxiago sortu dugu, 150.000 tona inguru, baina oso denbora gutxian 50.000 tonatara murriztu genezake. Oso erraz.

2017an Gipuzkoako lau herritarretatik batek etxeko hondakinak ongi bereizten ditu, %70etik gora birziklatzeko moduan bilduz eta pertsonako/urteko 80 kilo errefus baino gutxiago entregatuz. 2016an Debagoienak osorik hartuta %80 bereizi eta errefusa 80 kgtara murriztea lortu du, eta badira Gipuzkoan herriak 50 kg edo gutxiagotan dabiltzanak. Arazoa azken errefus kopurua da, hori gutxitzeak dauka lehentasuna.

Udal eta herritar guztiek gaikako bilketa ona eta zuzena egitea da lehenbiziko gakoa. Mundu osoan ezaguna da nola egin, eta Gipuzkoan ere bai: hondakinak ondo sailkatzea herritar guztien bete beharra da eta administrazioak erraztasunak jartzen dizkio herritarrari bilketa on batekin. 80-50 kg errefus horiek gehiago murrizteko, hurrengo urratsa da tarifa justua, familia bakoitzak sortzen duen kopuruaren araberako tasa pagatuz, eta horrekin batera sustatuz berrerabilpena, produktuen sortzaileen erantzukizuna diseinuetan, eta abar.

Gipuzkoa osoak lortu dezake eta lortu behar du hondakinak kopuru horietara murriztea. Ez da onargarria batzuek pertsonako 50 kg azpitik sortzea eta beste udal batzuek 250 kg edo 300 kg sortzea. Ez da logikoa, ez justua. Gutxienez Debagoienak 2016an lortu duen pertsonako 80 kgtaraino denak murriztea lortu daiteke eta lortu behar da. Hori eginez gero, Gipuzkoak 50.000 tona errefus sortuko ditu.

Bigarren urratsa administrazioak eman behar du gaika ondo bildutako hondakinak ondo tratatzeko azpiegiturak prestatuz. Beti ere hondakinen hierarkia zorrotz errespetatuz, hau da, lehentasuna emanez ondoko aukerei: prebentzioa, berrerabilpena, birziklatzea, bestelako balorizazioa eta azken biltegia. Materia ez baita eliminatzen, transformatu baizik.

Hondakin organikoa oso garbi biltzen da gaikako bilketa ona egindakoan. Horren tratamenduak ez du sekreturik: konpostatzea. Sorburutik ahalik eta hurbilen egitea da onena, garbiena, merkeena eta iraunkorrena. Familiek bakarka (autokonposta) edo taldeka (auzokonposta) egitea sustatzen da, tarifetan hobariak jarriz. Udalerri txikiek herrian bertan nekazariekin elkarlanean tratatzeko bidea ere egin behar da. Gainerako organikoa, konpost planta handietan tratatzen da, batzuetan zuzenean konpostatzeko, bestetan horren aurretik biometanizazioz gasa sortzeko. Urgentziazkoa da Gipuzkoak dagoenekoz organikoarentzako dauzkan azpiegiturak hobetzea eta behar diren berriak sortzea.

Botila eta beirazko ontzien birziklatzea ere ezaguna da. Hobetu behar da horien garbiketa eta berrerabilpena, baina dagoenekoz ondo kontrolatzen den gaia da. Gauza bera gertatzen da paper eta kartoiekin, birziklatzeko eta merkaturatzeko zirkuituak martxan daude.

Ontzi arinen gaikako bilketa txukunik egin ezean, horiek denak doaz lurpera edo erraustegira; gaika ondo bilduz gero, horietatik asko aprobetxatu eta birziklatzen da, eta, gainera, konpainiak eta agintariak derrigortzen ditu enbalajeen gaia bideratzera: produktoreek egin behar dute horien birziklatzearen kargu, agintariek aldarazi behar dizkie birziklatzen zailak edo ezinak diren ontziak eta produktuak. Gaikako bilketa ona egiten den herri eta mankomunitateetan garbi ikusi dira onura horiek.

Hala ere, herritarra kezkatzen duena izaten da: “Eta azken errefusarekin zer egin”. Administrazioak bi situazio konpondu behar ditu batera: 1) 50.000 tona errefusera azkar iristeko bidea antolatu; 2) 150.000 tonatik 50.000 tonatara arteko trantsizioa nola antolatu errausketarik gabe.

Gaikako bilketa %70 baino gehiago Azken errefusari, Tratamendu Mekaniko Biologikoa (TMB) ematen zaio planta berezi batean. Tratamendu Mekanikoarekin errefusari ateratzen zaizkio aprobetxatzeko dauzkan materialak eta gainerako guztiak ondo sailkatzen. Tratamendu Biologikoarekin egonkortzen zaio biologikoa duen guztia, organikoa den guztia. TMB tratamendua da, baina planta eredu bat baino gehiago daude.

Gipuzkoak trantsizioko fase honetan errefus asko tratatu beharko du, baina 50.000 tonatara hurbildu ahala gero eta gutxiago, gero eta organiko gutxiagorekin, gero eta errefus “garbiagoa”. Gipuzkoak behar duen TMB planta horretarako diseinatuta egon behar du. Aurreko legealdian Gipuzkoako Foru Aldundiak presentatu zuen proiektu oso zehaztu bat, diruz kostatuko dena ere kalkulatua: berriro jarri behar da hura mahai gainean.

GHKk alternatibaren proiektua egina dauka lehendik; 70 miloi € nahikoak dira, erraustegi beharrik gabe hondakinen gaia bideratzeko. Dirutan ere ez dago konparaziorik, errauste-plantak 212 miloi €-ko aurrekontua bait dauka. Hor dago negoziaketa bat hasteko oinarrizko dokumentu bat.

Proiektu hori egiterakoan, azpiegitura malgua izatea bilatu zen, hau da, egungo beharrei tratamendua eskaintzeko kapazitatea du (150-160.000 Tn zabor, 20.000 Tn gaika bildutako organikoa konpostatzeko eta 13.000 Tn urtean ontzi arin sailkatzeko), baina era berean, gaikako bilketa igotzearekin batera, hasieran errefusa tratatzeko modulu batzuk, gaika bildutako organikoa edo ontzi arinak tratatzeko aukerarekin. Azpiegitura bera da egoera ezberdinetara egokitzen dena eta ez du kudeaketa baldintzatzen. Diseinatutako TMBa egingo balitz, zenbat eta gehiago gaika biltzen bada, hobe. Zenbat eta gaikako bilketa hobea egin, orduan eta kudeaketa merkeagoa litzateke.

Eta TMBak errefusari aprobetxatzekoa –botilak, metalak, paperak…- kendu eta organikoa neutralizatu ostean, TMBra iritsitako 50.000 tona horiek azkenean gera daitezke 25.000 tonatan gehienez ere eta inerteentzako biltegi ondo prestatuetan utziko dira. Konparaziorako, erraustegiak 150.000 tona zabor nahasi erretakoan, inguruko haizea kutsatzeaz eta milaka tona baliabide alferrik galtzeaz gain, amaieran errauts eta eskoria toxikoen artean utziko ditu 50.000 tona biltegietan lagatzeko. Bizkaian ondo ikasi dute hori.

Laburbilduz: gaikako bilketa ona Gipuzkoa osora zabaldu eta ondo sailkatuta biltzen dena tratatzeko azpiegitura egokiak bukatu, eta geratzen den azken errefusa ere tratatu. Sortutako hondakin guztiak tratatu daitezke (DdP edo Arau Foralean biltzen den Vertido 0 de residuos primarios). Hori eginda, oso epe laburrean martxan egon daitezke (errauste planta eraikitzeko baino denbora laburragoan) Gipuzkoako hondakinak ondo bideratzeko sistema eta azpiegiturak lanean.

Hortik aurrera zer? Europar Batasunak markatzen du bere hierarkiarekin eta Ekonomia Zirkularraren irizpideekin nola hobetu behar den hondakinen aprobetxamendua, berrerabilpena, birziklatzea eta murrizketa sustatuz. Europan badira dagoenekoz martxan Gipuzkoa adinako eskualde handiak (Italiako Treviso…) 50 kg errefusetik zortzi urteko epean 10 kgtara murrizteko lanean ari direnak. Lurrez eta lehengaiz oso urri dabilen eta dagoenekoz kutsaduraz gainezka dagoen Gipuzkoak puntako eskualdeekin elkarlanean aritu behar du.

PDF: ErrausketarikGabekoAlternatiba_eus