Urtarrilaren 27an erraustegiko goi-tentsioko linearen aurkako mendi-martxa

Urtarrilaren 27an erraustegiko goi-tentsioko linearen aurkako mendi-martxa

Zubietako erraustegiari zerbitzua emateko eraiki nahi duten goi-tentsioko linearen aurkako mendi-martxa egingo du urtarrilaren 27an Erraustegiaren aurkako Mugimenduak.

  • Lasarte-Oria, Hernani, Urnieta eta Andoaindik abiatutako zutabeek bat egingo dute 11:30ean Azkorteko ermitan, Buruntzapean.
  • Martxa bukatzeko, ekitaldi bat egingo da 13:00etan Lasarteko Okendo Plazan.

Proiektuaren arabera, linea Hernani eta Urnieta bitarteko mugan hasi eta, gutxi gorabehera Azkorteko ermitan barrena, erraustegiraino iritsiko litzateke. Hori dela eta, martxoaren 27an, 11:30ean, Hernani, Urnieta, Andoain eta Lasarte-Oriatik abiatutako zutabeek bat egingo dute Azkorten, Buruntzapean. Bertan linearen ezaugarriei buruzko informazioa jaso ondoren, Lasartera jaitsiko dira, non 13:00etan, Okendo plazan, ekitaldi bat egingo den.

Beraz, bi deialdi nagusi:

  • 11:30ean Azkorten.
  • 13:00etan Lasarteko Okendo Plazan, mendian ibiltzeko aukerarik ez dutenentzat.

Halaber, herrietako zutabeak Azkortera abiatzeko hitzorduak honako hauek izango dira:

  • Urnietan, Zaldundegin, 10:30ean.
  • Hernanin, Gudarien Plazan, 10:30ean.
  • Andoainen, Goiko Plazan, 10:00etan.
  • Lasarte-Orian, Okendon, 10:00etan.

Urtarrilaren 27ko mendi-martxa erraustegiari ezetz esateko aukera berria da. Izan ere, erraustegiak kalte egiten die pertsonen osasunari eta ingurumenari, oztopatzen du birziklatzearen eta ekonomia zirkularraren bidean aurrera egitea, eta sekulako zuloa egiten du gaurko zein biharko gipuzkoarren poltsikoan.

Buruntzako bidetik hartutako argazkia, Azkorteko ermita eta goi-tentsioko lineak kaltetuko duen ingurua.

Erraustegirako gin nahi duten goi-tentsiko linea berriari buruzko hainbat datu

  • Potentzia. Linea berriak 132 kilovolteko potentzia izango luke, eta, esklusiboki erraustegiari zerbitzu emateko eraikia izango da. Izan ere, Zubietako Eskuzaitzetako poligonoan jarriko diren enpresek ez dute tentsio horretatik elikatzerik izango. GHK-k egindako estimazioen arabera, Zubietan 160.000 megawatt sortuko dira urtean. Berez, goi-tentsioko linea energia hori sareratzeko modua egiteko da.
  • Hedadura eta distantzia. Lineak Artzabaletako (Zubietako) eremutik irtengo litzateke eta 5.422 metroko luzera izango luke, A-15 autobide ondoraino, Urnieta eta Hernani arteko mugatik gertu. Han, Santa Barbara azpitik Usurbildik datorren goi tentsioko linearekin bat egingo luke. Guztira 21 euskarri edo dorre berri jarriko lituzkete, eta bakoitzak 50 metro koadroko lur eremua hartuko du. Euskarrien altura 30 eta 36 metro bitartekoa izango da. Linea osoan, batez besteko 40 metroko zabaleran, zuhaitzak moztu egingo dira, eta ezin izango da berririk landatu.
  • Ingurumen eragina. Linea berriak Zubieta, Lasarte-Oria, Andoain eta Urnietako lurrak igaroko lituzke, eta haren ingurumen eragina handia izango litzateke, batez ere nekazari lurrak eta basoak zeharkatuko lituzkeelako. Une honetan proiektua Jaurlaritzako Ingurumen Sailaren Ingurumen Eraginaren Deklarazioaren zain dago. Behin tramite hori gaindituta, deklarazioa jendaurrean jarri beharko da eta helegiteak jartzeko tartea zabalduko da. Ondoren, Industria Sailera joango litzateke proiektua eta hark baimendu ostean, lur desjabetzeak eta eraikuntza lanak hasiko lirateke. Obra Iberdrolak egin eta kudeatuko luke.

Erraustegia gelditu!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude