Erraustegiaren kontrako Mugimenduak deituta, erraustegiko goi-tentsioko linearen kontrako mendi-martxa egin genuen urtarrilaren 27an, goiz partean, Azkortera. Gero, LasarteOrian manifestatu ginen, eta eguna biribiltzeko ekitaldi bat egin genuen Okendo plazan.

Hona hemen Okendo plazan irakurritako mezua:

Gutxi balira bezala Zubietako erraustegiak Buruntzaldeari egingo dizkion kalteak, larunbatean elkartu ginen beste bat salatzeko: hau da, erraustegiari atxikia egin nahi duten bost kilometroko goi tentsioko linea berriak inguruko naturari eta herritarroi egingo diguna.

Zubietako erraustegitik atera eta bost kilometrotan zehar, baso, larre eta nekazaritza lur artean joango da goi tentsioko linea berria, Zubieta, Lasarte, Andoain eta Urnietako lurretan barna. 40 metroko zabaleran eraikiko diren 132 kilovolteko potentziako zutabeetatik atera nahi dute argindar sarera zaborrak errausteagatik sortuko den energia, aste honetan bertan Europako Parlamentuak diru publikoz laguntzea debekatu duen jarduera bera. Hori ere, beste multinazional baten negozio bihurtuko da, kasu honetan Iberdrolarena.

Lasarteko EAJk eskatu zuen bere garaian erraustegiko energia doan emateko Lasarteko herritarrei, erraustegiaren ondorioak horren gertu edukita, nolabaiteko konpentsazio moduan. Aldundiak, noski, ukatu egin zuen proposamen hori: zer ondorio klase? Ingurumen Zentroak ondorio negatiborik ez du batere… Dena ona eta txukuna, besteak beste, Klima Aldaketaren Aurkako Zentroa ere ondoan egiteko asmoa daukate. Aurpegia behar da gero, Gipuzkoan berotegi efektuko gasen bigarren isurtzaile nagusia izango den Zubietako erraustegiaren ondoan egin nahi dute klima aldaketa ikertzeko zentroa. Badute non ikertu, eta, batez ere, non saihestu CO2, NOX eta bestelako gas toxikoak isurtzea. Has daitezela erraustegitik. Munduak eta klimak eskertuko die.

Goi tentsioko linea tramitean dago. Laster hasiko dituzte lurren desjabetzeak. Erraustegiaren obrak, berriz, martxan, korrika eta presaka dabiltza agintaldi honetan amaitu nahain. Ez da amore emateko garaia, ordea. Lanean jarraitu behar da, eta borrokan. GHK-k, Diputazioak, Jaurlaritzak, denek bat egin dute

Buruntzaldeko herritarron osasunari kalte itzela egin diezaiokeen erraustegia inposatzeko. Pankartak ere ez zaizkie gustatzen. Herritarren protestak ez zaizkie gustatzen. Bada, argi eta ozen esan nahi diegu: ez dugu atsedenik hartuko gelditu arte erraustegi toxikoa eta harekin batera eraiki nahi dituzten azpiegitura guztiak, besteak beste, goi tentsioko linea.

Eutsi eta animo, ez ez ez goi tentsioko linearik ez… Ez, ez, ez errausketarik ez!!!

Azkortera mendi-martxa


a

a

Okendo plazako ekitaldia


a