Arratsalde on, lagunok.

Gaur Zubietan, Iraultza Txikien kanpaldi honen erdian, Erraustegiaren Aurkako Mugimendua osatzen dugun emakume eta gizonok aitortza publiko bat egin nahi diegu bai Zubietan eraikitzen ari diren erraustegi-munstro hori gelditu zuten kargu publikoei eta bai hondakinak kudeatzeko sistema alternatiboak martxan jarri zituztenei.

Duela urte asko PNV eta PSOEko agintariak hasi zirenetik Gipuzkoan hondakinak errausteko asmoak planifikatzen, hasiera-hasieratik azaldu dute herri mugimenduek Alternatibak badaudela. Baina Alternatibak badaudela jakitea gauza bat da, eta oso bestelakoa da udaletxe eta mankomunitateetatik Alternatibak antolatu eta martxan jartzea.

Horixe da eskertu nahi dieguna gaur omentzen ditugun pertsonei: gaikako bilketa derrigorrezkoa –Atez Atekoa- ezarri eta ondorengo tratamendu guztia ere antolatzen hasi zutela. Lan handia egin zuten lehenik Usurbil, Hernani, Oiartzun, Antzuola eta ondoren beste udal askotako karguek. Horregatik dauzkagu hemen Xabier Mikel Errekondo (Usurbilgo alkatea zena), Marian Beitialarrangoitia (Hernaniko alkatea zena), Enrike Lekuona (Oiartzungo zinegotzia zena) eta Joxemari Iturbe (Antzuolako zinegotzia zena).

Eta horiekin batera, Alternatiba antolatzen asko lagundu zieten San Marko mankomunitateko agintariek. Horregatik dauzkagu hemen Ricardo Ortega (Lasarte-Oriako zinegotzia zena) eta Imanol Azpiroz (Usurbilgo zinegotzia zena)

Beste aldetik, 2011-2015 legealdian Gipuzkoako Foru Aldundian eta GHK kontsortzioan agintea hartuta, hondakinen ardura zuten agintariek indarra eta adorea erakutsi zuten Gipuzkoako gizarteak eskatzen ziena bururaino eramateko: Zubietako erraustegiaren proiektua bertan behera uzteko. Hori eskertu nahi diegu publikoki GHKko lehendakari zen Ainhoa Intxaurrandietari eta Gipuzkoako Foru Aldundian Ingurumen diputatu izan ziren Juan Karlos Alduntzin eta  Iñaki Errazkini.

Ondo dakigu 2015ean PNVk eta PSOEk Gipuzkoako erakunde nagusiak beren eskuetan hartu dituztenetik goiak eta beheak astindu dituztela, esku batekin ahal duten herri guztietan sistema alternatiboak edo ezabatu edo urardotu edo gutxienez ahultzeko, eta beste eskuarekin Zubietako erraustegiaren proiektuari berriro heldu eta di-da batean martxan jartzeko.

Hori horrela da, garai gogorrak bizi ditugu Gipuzkoan. Oligarkiak ez baitu barkatzen. Ikusi bestela erraustegia enpresekin negoziatuta gelditu zuten arduradun publikoek eduki duten epaiketa eta oraindik hartzeko daukaten sententzia. Hori horrela delako, Errausketaren aurka lanean ari garen  mugimenduetako kideok eta –guk uste- Gipuzkoar gehienek ez ditugu ahaztuko gaur omentzen ditugun pertsonek eta beste askok kargu publikoetatik egindako lanak.

Gizon eta emakume hauek demostratu dute politiko guztiak ez direla berdinak, posible dela herritarrei gizartea aldatu eta hobetzeko emandako hitza betetzea, konpromisoak kunplitzea, nahiz eta presio oso gogorrak jasan.Mila esker zuei. Gipuzkoako jendartearen omena eta esker ona merezi duzue!