Naturklimak, Foru Aldundiak erraustegia zuritzeko sortu duen fundazioak, urriaren 23an eta 24an jardunaldiak antolatu ditu “Gipuzkoa Klimaren Alde” izenburupean. Errausketaren Aurkako Mugimenduak Foru Aldundiaren erakusten duen muturreko hipokrisia salatu nahi du, urteko 200 000 tona CO2 baino gehiago eta ehunka mila kilo nitrogeno oxido atmosferara isuriko duen erraustegia pizteko bezperetan, “klimaren alde” ari direla adierazten dutelako. Gipuzkoa mailan erraustegia negutegi efektua sortzen duten gas gehien isuriko duen enpresa izan daiteke, hau da, planetaren osasunari kalte handiena egin diezaiokeena. Ezin dira ere albo batera utzi tximinia beretik aterako diren eta gizakion osasunari kalte egingo dioten dioxina, metal astunak, etab.

Gainera, jardunaldien ikuspegia batez ere enpresariala da; bertan dira hizlari moduan banku eta multinazionaletako ordezkariak. Larrialdi ekologiko larri honetara eraman gaituen kapitalismo basatiak krisia berarekin negozioa egiten jarraitu nahi du, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Garbi geratzen ari urte askotan zehar kapitalismoaren interesak eta naturaren kontserbazioa kontrajarriak direla. Banku, multinazional eta egungo agintarien eskutan uzten badugu larrialdi ekologikoaren zuzenketa orain arte bezala jarraitu dugu, egunetik egunera okerrago.

Beraz deia zabaldu nahi diegu herritarrei jabetu daitezen egoeraren larritasunaz eta denon artean agintariei eska diezaiegun benetako neurriak har ditzaten klimaren alde. Alternatiba ekologikoagoa badagoela kontuan izanik, lehenengoa Donostiako erraustegia ez piztea da, lehen aipatutako gasen isurketa ekidituz; eta honekin batera Gipuzkoan biztanleko zabor gehien sortzen duen herrian, Donostian alegia, bilketa sistema eraginkorra martxan jartzea, azken lau urteetan ez baita ezertxo ere egin bilketa hobetzeko.

Horregatik, kontzentrazioa deitzen dugu asteazkenean Aquarium aurrean, 18:30ean. Mobilizatuta jarrai dezagun. Ez dezagun onartu greenwashing edo zuriketa gehiagorik. ERRAUSKETA = KLIMA ALDAKETA