Pasa den larunbatean milaka herritarrek ozen aldarrikatu zuten Zubietako erraustegia geratu beharra dagoela. Mobilizazio jendetsua izan zen, milaka eta milaka herritar kalera atera ziren. Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldeko, Erraustegiaren Aurkako Mugimenduko eta Landaberri ikastolako irakasleen agerraldiarekin amaitu zen elkartasun izaera nabarmena izan zuen mobilizazioak. Aipatzekoa da bereziki, 2013ko azaroan erraustegia geratzeagatik apirilaren 12an epaituko dituztela Ainhoa Intxaurrandieta eta Iñaki Errazkin, 2011-15 legegintzaldiko Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko lehendakari eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ingurumen diputatu izandakoa hurrenez hurren.
Mila esker antolakuntza lanetan ibili zareten lagunei eta ekimen honetan parte hartu duzuenoi ere. Jarrai dezagun lanean, lortuko dugu erraustegi kutsakor hau geratzea!
Jarraian bertan irakurri ziren adierazpenak eta argazki eta bideoak.
a
Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldea
“Arratsalde on denoi. Gure taldeak, Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldeak, sendagileek osatuta, 2004tik mezu bera errepikatzen ari da etengabe, egi borobila delako: errauskailuak osasunarentzat arrisku bat dira. Agertu dira, besteak beste, sortzetiko malformazioak, erditze goiztiarrak, abortoak, gaixotasun kardiobaskularrak, arnasbideetakoak eta hainbat minbizi. Eta guzti hori azken urteotan argitaratzen ari diren ikerlanetan mundu osoan zehar ere ikusi dugu. Munduko Osasun Erakundeak ere, 2016an argitaratutako txosten batean aipatzen du erraustegi berriek ere hainbat osasun arazo sor dezaketela. Guzti honekin, ikusten dugu kuestioa ez dela erraustegiak arriskutsuak diren ala ez, baizik eta zenbateko arriskua suposatzen duten herritarrontzat.
Donostian jarri nahi duten moduko errauskailuek ehundaka tona toxiko isurtzen dituzte urtero, eta isuritako milaka toxikoen artean, kopuru mugatu bat besterik ez da kontrolatzen, gehienetan era negargarrian. Hala eta guztiz ere, Bizkaiko erraustegiaren ondoan, “Zabalgarbi” ¿? deitzen diotena, baieztatu da bertako landaretzan arsenikoaren maila igo egin dela erraustegia martxan jarri zenetik. Denok dakigu arsenikoa pozoi gogor-gogorra dela, pelikuletan ere ateratzen da, eta ez da ikasketa askorik egin behar konturatzeko horrek osasunarentzat kaltegarria izan behar duela. Osasun eta Ingurumen sailei adierazi diegu era formalean arseniko honen jatorria zehazteko beharra, eta erantzunaren esperoan gaude. Beste aldetik, errauskailu hori ireki eta hamar urtera, alegia, kalteak agertzen hasten direnean, ikerlan epidemiologiko bat egingo zela adierazi zen. 2015an behar zuen, baina nonbait ahaztu zaie. Kasualitateak.
Guzti horrengatik berriro eskatzen diegu politikariei beren lehentasunak berraztertzeko, eta aurreneko lekuan hiritarren osasuna ezartzeko, irizpide politiko eta ekonomikoen gainetik, osasuna baita hiritarroi gehien axola diguna. Eskerrik asko”.
a
Garaikoetxea-Landaberriko irakasle talde bat
“Garaikoetxea-Landaberriko irakasle talde bat gara. Aspalditik gabiltza, erraustegiarekiko kezka adierazten eta, hain zuzen ere, gure osasunean izan dezakeen eraginari buruzko argibideak eskatzen Hezkuntza Ordezkaritzari. Hiru gutun bidali dizkiegu eta hara, hirugarren honetan Gema de Txabarri Hezkuntza Lurraldeko ordezkariak, erantzun diguna:
“Ordezkaritza honetako ekimen eremua gainditu egiten du.”
Zure erantzuna ez zaigu onargarria iruditzen. Ez al zaizu iruditzen Hezkuntza buru zaren heinean langileon eta ikasleen osasuna zaindu behako zenukeela?
Dakizunez, Agenda 21 proiektuaren barruan lan egiten dugu eta aurten hondakinen gaia lantzen ari gara, ohitura osasuntsuak eta sostengarritasuna hain zuzen ere. Era berean zaborraren murrizketa eta berrerabilpena bultzatzen dituen kultura irakasten saiatzen gara ikasleei. Errauskailuaren defentsa guztiz kontrakoa da gu irakasten ari garenarekin, agortzear dauden lehengaiak erretzeaz gain, lehengai horiek erauziz egundoko kutsadura sortzen baita.
Gure zentrotik 500 metrora dago errauskailua: nitrogeno oxidoak, karbono monoxidoak, metanoa, dioxinak… arnastuko ditugu. Horrezaz gain, goi tentsioko lineak eraikiko dira gure ikastetxetik hurbil, gure gainean gune elektromagnetikoak sortuz. Eremu kutsatu batean dagoen ikastetxe bat onartu behar al dugu?
Gure kezka ez dago Hezkuntza ekimen eremutik kanpo. EZ!
Hezkuntza ordezkaritzak, errauskailuaren kezka azalduz ikastetxean zintzilikaturik dugun pankarta kentzea agindu ordez, ez al luke hobe guk adierazitako galderei erantzun bat ematea? Gure lan eremuan gure eta gure haurren osasuna defendatzearen ardura ez al dagokizue zuei ere?”
a
Erraustegiaren Aurkako Mugimendua
“Berandu baino lehenago, hobeto orain erraustegia gelditzea. Zubietako erraustegia gelditu! Merkeago, osasuntsuago, eta ingurumenean eragin gutxiago duten alternatibarik badagoelako.
Erraustegiaren proiektua kaleratu zen garaian, 2002an gaikako bilketa tasak % 20ko inguruan zebiltzan Gipuzkoan.
Dagoeneko jakin badakigu %80ko birziklatze tasa lortzea posible dela, horretarako bitartekoak jarri eta borondatea izanez gero. Modu honetan zabor nahasi ugari sortzea ekidin genezake, geratuko litzatekeen apurrarekin errausketa ez den beste irtenbide bat bilatzea posible izango genuke eta ez Gipuzkoan egin nahi duten bezala erraustegi toxiko bat inposatu eta 35 urtetan ordaintzen egon behar izatea.
Gipuzkoarrok 16 urte daramagu borroka honetan, asko ikasi dugu urte luze hauetan eta asko irakatsi diegu Gipuzkoan instituzio desberdinetako politikoei. Nola bestela lortu eta ulertu gaur egungo egoera, gaikako bilketa tasaren igoera herri eta mankomunitate gehienetan: Ormaiztegi % 88, Debagoienak %78, Sasieta %77 eta %80tik gora, Hernani, Usurbil, Oiartzun…
Beraz, aitzakiak bukatzen ari zaizkie populazio handiko eremuei (Donostia-Irún-Hondarribia-Eibar-Errenteria-Lasarte Oria…), non birziklatze tasa apalak dituzten %40-%50 eta bizi diren biztanle kopuruagatik urtean izugarrizko tona zabor nahasi sortzen duten. Azken datuen arabera, Donostiak 288,80 kg zabor nahasi sortzen ditu biztanle eta urteko zabortegira doaztenak.
Gipuzkoan, esperientziak badaude, emaitza bikainak lortzen dira eta horretara jarriko bagina emaitza oso onak izango genituzke inolako erraustegi toxiko eta xahutzaileren beharra izan gabe.
Hori da exijitzen dioguna Gipuzkoako Foru Aldundiari, jarri ditzala indarrak emaitza horiek lortzen eta ez alferrikako azpiegitura kutsakor eta garestia eraikitzen. Lehendabizi lortu %80a eta ondoren ikusten dugu zer egin geratzen denarekin, baina ez alderantziz.
Gaurko manifestazio honetan, hondakinak ondo bereizi eta eginbeharrak txukun gauzatzen dituzten horiei ahotsa eman nahi diegu, ondo egiten dutenak eredu dira eta nagikerian ezkutatzen direnei deiadarra egin nahi diegu.
Bide batez aipatu nahiko genuke Europako Parlamentuak pasa den 2018ko urtarrilaren 17an erabaki zuen erraustegiei ematen zaizkien dirulaguntza oro ezabatzea, erraustegien finantzaketa iturri nagusia kolpatuz modu honetan eta justizia eginaz, izan ere baliabideak erretzea inoiz ez da izango birziklatzea. Albiste hau erabakiorra izan daiteke erraustegien finantzazioari dagokionez.
Bukatzeko, 6000 sinadura lortzear gaude, ETBan eztabaida teknikoa erraustegiari buruz egin dedin, ETB ere gurea da, denona da! Lagundu zabaltzen.
Azkenik gure babes osoa eta elkartasuna adierazi nahi diegu Ainhoa Intxaurrandieta eta Iñaki Errazkineri, non datorren apirilarako deituak izan diren epaiketa lotsagarri baterako. Zuekin gaude! Norbait epaitzekotan epai ditzatela ustelak”.
Argazkiak
Erraustegiaren Aurkako Mugimendua
a
Sare sozialak
a
Noaua! astekaria
a
Bideoak
Ez ez ez #erraustegirikez ez! pic.twitter.com/Iwc6wWEDLW
— Erraustegiaren A.M. (@ErrausAurkMugi) 24 de febrero de 2018
Ez ez ez #errausketarikez! @OrainIngurumena @OrainGipuzkoa pic.twitter.com/3o4wmck3yM
— Erraustegiaren A.M. (@ErrausAurkMugi) 24 de febrero de 2018
Ozen diogu: #errausketarikez inon! Osasuna eta ingurumena ez daude salgai! @OrainIngurumena @OrainGipuzkoa pic.twitter.com/gdyKtziVYe
— Erraustegiaren A.M. (@ErrausAurkMugi) 24 de febrero de 2018
Jendetza Bulebarrean! #erraustegirikez inon! pic.twitter.com/4IhMka6eND
— Erraustegiaren A.M. (@ErrausAurkMugi) 24 de febrero de 2018
Hasi da Zubietako erraustegiaren aurkako mobilizazioa @irutxulo @ErrausAurkMugi pic.twitter.com/NIJPETcpSF
— Malen Aldalur (@malenaldalur) 24 de febrero de 2018
Jendetza Donostian errauskailuaren aurka. #erraustegirikez pic.twitter.com/InZwjoU5FW
— Xabi Otegi #Zutik (@Txapisotegi) 24 de febrero de 2018
Jendetza bildu da erraustegiaren aurkako manifestzioan @ErrausAurkMugi pic.twitter.com/6rR2Z023BC
— Malen Aldalur (@malenaldalur) 24 de febrero de 2018
Birziklapena sustatu! Erraustegia gelditu! #erraustegirikez pic.twitter.com/JmO4usz1sI
— ELAOriaGoierri (@ELAOriaGoierri) 24 de febrero de 2018
Donostialdeko erraustegiaren aurkako manifestazioan azpiegitura honetako lanak gelditzeko eta herriz herri birziklatzea sustatzeko eskatzen ari dira, @ErrausAurkMugi-k deituta. pic.twitter.com/U9cc5PoMxO
— ARGIA (@argia) 24 de febrero de 2018