M29egitaraua

Milaka lagun dira dagoeneko igandeko giza-katean parte hartzeko izena eman dutenak, Gipuzkoako herri eta auzoetan jasotako tiketak eskuratuta edo interneten bidez izena emanda. Eta azkeneko ordu hauetan herritarrek izena ematen jarraitzen dute oso erritmo onean. Beraz, giza-kate oso jendetsua espero dugu eta antolakuntza aldetik honek eskatzen duen erronkari aurre egiteko prestatzen ari gara.

Antolakuntza lanetan dozenaka lagun jardungo dira, eta behar bezala identifikatuak egongo dira. Herritarrei dei egiten diegu antolakuntzako kideen irizpideak jarrai ditzaten. Batez ere ibilbidean zehar dauden bidegurutzetan.

Herritarrentzat deialdia 11:30ean da, eskualde bakoitzari egokitu zaion gunean (ikusi azpian). Ibilbidea 9 zatitan banatu dugu, parte-hartzaileak era orekatu eta proportzional batean banatuak egoteko. Helburua da 11:45etarako giza katea osatua egotea.

12:00etan Onkologikotik mobilizazio honen mezu nagusia daramakien bizikleta abiatuko da eta, gune guztietatik pasatu ostean, 12:30 inguruan Diputaziora iritsiko da. Bizikletaren atzetik kotxe elektrikoa joango da, “kotxe-eskoba” funtzioa beteko duena. Kotxea pasa ostean, giza katea desegiten joango da eta parte-hartzaileak Gipuzkoa Plazarantz abiatuko dira.

Ibilbidearen gune desberdinetatik datozen parte-hartzaile guzti-guztiei Gipuzkoa plazaraino iristeko denbora utziko zaie. Parte hartzaile guztiak Gipuzkoa plazara iristerakoan hasiko da ekitaldia, 13:00etan. Bitartean Gipuzkoa plazako txoko desberdinetan ekimen kultural eta erreibindikatzaileak egongo dira: kantariak, margolanak, jokoak, batukada…

Ekitaldi xume bezain mamitsua izango da. Lehenik eta behin, Onkologikotik datorren mezua irakurriko da. Ondoren errausketaren ondorioak pairatu dituen pertsona batek hitz egingo du eta, bukatzeko, Erraustegiaren Aurkako Mugimendutik Giza-Kate honen bidez gizarteari, agintariei, enpresei eta alderdi eta eragileei mezu bana bidaliko zaie.

Beste aldetik, horrelako ekitaldi handi betek eskatzen duen antolakuntza gastuei aurre egiteko, nahi duenak diru-laguntza eman ahal izateko, webgunean “paypal” sistema jarri dugu: http://erraustuez.org/eu/izen-ematea/

Anbulantzia zerbitzua ere egongo da eta antolakuntza eta udala elkarlanean ari dira herritar guztien segurtasuna bermatzeko neurriak hartzen.

Egitaraua

  • 11:30 Eskualde bakoitzari egokitu zaion lekuan bildu
  • 11:45 Giza katea osatzen hasi
  • 12:00 Lekukoa abiatu Onkologikotik
  • 12:30 Lekukoa iritsi Gipuzkoa Plazara
  • 12:30 Gipuzkoa plazan kantariak, margolanak, jokoak, batukada…
  • 13:00 Diputazioaren aldamenean, ekitaldiaren hasiera
  • 13:30 Amaiera

Gogoan izan:

Burua duenak ez du erraustegirik nahi bere herrian,

eta bihotza duenak ez du beste inoren herrian nahi”.

 

Giza-katea-mapa