Erraustegiaren Aurkako Mugimendua osatzen dugun taldeok datorren asteburuan Zubietan egingo diren ekimenetan parte hartzeko deialdia indartu nahi dugu. Ondorengo kolektiboek osatzen dugu Erraustegiaren Aurkako Mugimendua: Hernanin Zero Zabor, Lasarteko Aire Garbia, Andoaingo Ipar Haizea, Usurbil Zero Zabor, Donostia Bizirik! eta Gipuzkoa Zutik. Asteburu osoan zehar Iraultza Txikien Akanpada egingo dugu Zubieta herrian Lurralde Askea mugimenduak deituta. Bertan bestelako Euskal Herri bat amesten dugun herritar eta herri mugimenduak batuko gara, programa eder bat eta elkarren konpainiaz gozatzeko. Herri mugimendu gisa, guk ere gogoetarako baditugu gaiak. Horrez gain, Euskal Herri osoko jendearen topagune izango denez, eskertu nahi dugu hau Zubietan egitea aukeratu izana, erraustegiaren aurkako borrokari ikusgarritasuna emanez.

Honekin lotuta, egitarauaren erraustegiarekin zuzenean lotutako bi ekimen daude eta aipatu nahi genituzke:

Irailaren 23an, igandea, bazkalostean 16:00etan ERRAUSTEGIA GELDITU ZUTENEI AITORTZA.

Helburua izango da balioan jartzea orain urte batzuk erakundeetan pertsona batzuek egin zuten lan ona. Erakutsi zuten multinazional eta bankariei aurre eginez, herritarren mesede diren erabakiak ere har daitezkeela. Orain gainera, erraustegia gelditu zuten bi pertsona gogor zigortu nahi dituzte (Ainhoa Intxaurrandieta eta Iñaki Errazkin) eta babesa adierazteko baliatuko dugu. Eta ondoren Gipuzkoa Zutikek antolatuta, erraustegira eta makro-kartzelara buzo zurien martxa egingo dugu. Ekimen jendetsua izango da eta baliatuko dugu agintariei argi uzteko herritarrok ez dugula halako azpiegitura kutsakor eta bihozgaberik onartuko.

Herritar guztiei dei egiten diegu bertan parte hartzera. Herritarron artean ez duela inolako zilegitasunik erakustea oso garrantzitsua da. Erabat demostratuta dago alternatiba hobeak badirela, askoz gehiago birziklatzeko, askoz merkeagoak, eta ekonomiari eta ingurugiroari halako sarraskiak ekiditeko modukoak.

Inguruko herrietan elkarrekin etortzeko deialdi lokalak egin dira. Ondorengoak dira: Irun, Oiartzun, Errenteria, Pasaia eta Donostia, Euskotrenean Lasartera.

  • Irun: 14:30 geltokian, 14:37koa hartzeko
  • Oiartzun: 14:40 geltokian 14:50ekoa hartzeko
  • Errenteria: 14:45 geltokian, 14:53koa hartzeko
  • Pasaia: 14:45ean geltokian 14:57koa hartzeko
  • Donostia erdialdea: 15:00etan Easoko Euskotren geltokian, 15:13eko trena hartzeko.
  • Lasarte-Oria: Euskotren geltokian 15:15ean, 15:25ean datozenak jaso eta Zubietara abiatuko gara.
  • Andoain: 15:15etako bus berdea hartuko dugu, beraz, lehentxeago geltokietan.
  • Usurbil: zutabea 15:15 Mikel Laboa plazan, 15:30ean aterako da.

Horrez gain, beste herrietatik datozen lagunei deia, ahal dela, garraiobide publikoak erabiltzera. Jende asko espero dugu, eta aparkatzeko arazoak baleude, Zubietako hipodromoan aparkaleku handi bat dago.

 

Iazko ekimenaren laburpen bideoa

Iraultza Txikien Akanpadari buruzko informazio gehiago:

www.argia.eus/plaza/lurralde-askea/iraultza-txikien-akanpadarako-dena-prest-zubietan