- Milaka herritarrek bete zituzten Donostiako kaleak larunbat arratsaldean. Eragile anitzek babestuta, Zubietako erraustegia geratzea eskatu zuten. Ibilbide osoan zehar, etenik gabekoak izan ziren errausketaren aurkako oihuak.
Amarako Mendeurren plazatik abiatu, hiri erdiguneko kaleak zeharkatu eta Alderdi Ederren amaitu zen mobilizazioan buruan, une oro, manifestatzera deitutako eragileen hiru pankarta izan ziren. Lehenengoan, manifestazioko aldarri nagusiarekin, erraustegia geratzeko exijentziarekin; atzetik, alternatiba badela gogorarazten duena, eta azkenik, etorkizunari begira sustatu beharreko eredua, ekonomia zirkularraren eta birziklapen eraginkorraren bidean sakondu behar dela gogorarazten zuena. Hauen atzetik, aipatu moduan, herritar uholdea. Adin eta Gipuzkoako jatorri ezberdinetako milaka lagun erraustegiaren aurkako aldarriak batuta.