Berrikitan Zubieta Lantzen elkarteak abiatu eta Errausketaren Aurkako Mugimenduak babestuta, Zubietako erraustegiaren kutsaduren kontrol independentearen operazioan urrats bat gehiago ematen ari dira: Usurbilgo zenbait ama berriren bularreko esnea bildu dute analisiak egiteko. Lehenago jakinarazi genuen, Holandako Toxicowatch fundazioak eta Euskal Herrian Eusko Jaurlaritzaren baimena duen enpresa batek jaso dituzte zenbait oilategitako arrautzak eta horietako lurra, landareen ostoak eta ura, horiek analizatu eta etorkizunean alderatu ahal izateko Zubietako erraustegia piztu ondoren -baldin eta pizten badute- leku horietan bertan hartuko diren laginekin.
Zientzialariek aipatu zuten ume jaio-berriei bularra ematen dieten ama gazteen esnea ere kutsaduraren garapena aztertzeko oso interesgarria izango litzatekeela, oiloen arrautzak diren bezala, dioxina, furano eta beste hainbat kutsagai arrautzen koipean bezala esnearenean pilatzen direlako. Hori dela eta, egunotan Usurbilgo zenbait ama gaztek bere borondatez donatu du bularreko esnea eta analisi zientifiko batek eskatzen dituen berme guztiekin jaso da, behar den laborategira bidaltzeko.
Datozen egunetan inguruko beste herri batzuetan ere ama-esne laginak biltzea aurrikusita dago.
Errausketaren Aurkako Mugimenduak diru-bilketa bat dauka antolatuta Zubietako erraustegiaren kontrol independentea finantzatzeko. Hiru modutan lagundu dezake hala nahi duen herritarrak:
Verkami plataforman abian dagoen crowdfundingean parte hartuz
EAMek espreski honetarako ireki duen kontu korrontean dirua sartuz: ES45 2095 5069 06 1064132086 (Titularra: Zubieta Lantzen)
EAMeko kide bati eskura emanaz