Erraustegiaren Aurkako Eguna ospatu genuen larunbatean Zubietan. Hiru hitzaldi interesgarri antolatu genituen Kaxkape egoitzan; Baserria XXI elkarteak errausketa eta nekazaritzari buruz eskainitakoa batetik. Sustrai Erakuntza Fundazioko kide Martin Zelaia, erraustegia alboratu duen Nafarroako Hondakinen Kudeaketa planaz aritu zen. Eta Madril aldetik Valdemingomezeko erraustegi ondoan bizi diren Rivaseko bizilagunen bisita izan genuen. Erraustegiaren aurka osatu duten aliantzako kide Javier Navascuesek, bertan bideratzen ari diren lanketaren inguruko azalpenak eskaini zituen.
Erraustegiaren Aurkako Eguneko ekitaldi zentrala eguerdi partean ospatu genuen Zubietako plazan. Unai Gaztelumendi eta Asier Azpiroz bertsolariek abiaturiko hitzorduan, Erraustegiaren Arkako Mugimenduko bi kidek hartu zuten hitza, Maialen Iñarra eta Juami Galatasek. Bi eskaera nagusi zabaldu zituzten; batetik, Aldundiak erraustegia geldi dezala galdegiteko eta bestetik, gipuzkoarrei erraustegiaren aurka mugitzeko deia ere egin genuen.
Plazan bertan bestalde, Errausketaren Aurkako Mugimendua laguntzeko postuak jarri ziren, eta frontoian, ehunka lagun batu zituen herri bazkari jendetsua ospatu zen.
a
a
Non egongo ote gara 2051. urtean?
35 urte barru… nola biziko dira gure ondorengoak? Nolako airea arnastuko dute? Nolako zerbitzu sozialak edukiko dituzte? Zein gaixotasun sufrituko dituzte 2051. urtean? Nork eta zein dirurekin zainduko ditu gaixoak, zaharrak, umeak…?
Ezin dugu onartu erraustegi inposatu bat datozen 35 urteetarako kaltetuko dituena gure osasuna, ingurumena eta denona den finantza publikoa.
Krisi ekonomiko sakonean bizi gara. Krisi ekonomikoak ekarri ditu krisi soziala, politikoa, humanitarioa. Konturatzen hasi gara Lurra planeta bakarra dela, mugatua. Ezin dugu segitu berdin, “erabili-ta-bota”, “erabili-ta-bota”…
Osasun krisi batean ere bizi gara. Gero eta minbizi gehiago, gero eta gaixotasun berezi gehiago… Nolaz baimentzen dute erraustegi berri batekin kutsatzea gure airea eta gure ondorengoek arnastuko dutena?
Krisi humanitarioa ere badaukagu. Garapen ereduak eragindako krisi sozial eta humanitarioa. Gure etxeetaraino ekarri du ezin bizia: Langabezia, lanpostuen prekarietatea, etxegabetzeak, pobrezia gero eta ugariagoa…
Hori gutxi balitz administrazioek… inbertsio faraonikoetan xahutu dituzte diru publikoak… eta inbertsio sozial guztietan murrizketak egiten dituzte: murrizketak osasungintzan, murrizketak irakaskuntzan, gazteen laguntzetan, ezindu eta pobreenen laguntzetan…
Esan diezaiogun EZ! Gipuzkoarren bizitzak 35 urterako hipotekatuko dituen Erraustegiari, alferrikakoa den Erraustegiari.
Urte asko daramatzagu oihukatzen ERRAUSKETARIK EZ! Urteak daramatzate Gipuzkoan erraustegia egin nahian, zerbitzu publikoekin aberasten diren enpresa handi ustelak eta lotsa gutxiko zenbait politikari. Erraustegia oraindik eraiki gabe egotea… ez al da garaipen bat izan?
Baina GAINERA, 2009an hasita Gipuzkoan martxan dago Alternatiba…
Erraustea baino garbiagoa, osasuntsuagoa eta merkeagoa.
Gipuzkoako udalerrien erdia baino gehiagotan egunero dago MARTXAN hondakinen kudeaketa Alternatiboa. Gipuzkoan demostratzen ari gara ez dugula hondakinak erre beharrik.
Orain nahitaezkoa da udalerri askok egin duten bideari beste guztiek ere jarraitzea. Gipuzkoar guztiok berdinak eskubideetan, Gipuzkoar guztiok berdinak betebeharretan. Denon betekizuna da hondakinak murriztea eta sortutakoak ondo sailkatu eta tratatzea.
Gipuzkoako Foru Aldundia gobernatzen duten alderdiei berriro ere esan nahi diegu: Gelditu ezazue proiektua!
Egin kasu herritarrok eskatzen dizuegunari!
Herritarrei dei egiten diegu: mugitu gaitezen gipuzkoarrok!
Errausketarik Ez! Ez gure izenean!