Milaka pertsonek hartu dute parte gaur Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak osasunaren alde eta erraustegiaren kontra deitutako giza-katean. Antolatzaileok kalkulatu genuen Onkologikoa eta Diputazioa giza-hari batekin lotzeko, bataz beste 5.000 lagun beharko zirela, baina hari hori zati askotan hirukoiztu eta beste askotan mataza izan da. Beraz, otsailean Zubietako Martxan gertatu zen bezala, aurreikuspenak oso modu nabarmenean gainditu dira.
Txirrindulari tropel txiki batek katean barrena ibili da puntatik puntara. Tropelaren buruan, bi haur. Batek eraman du haize-errota koloretsua, erraustegiaren kontrako borrokaren sinboloa. Besteak, berriz, Onkologikoan mediku batek eman dion mezu bat, kutxatila batean gordetan.
Kate osoan animazio handia izan da. Gipuzkoa Plazan, berriz, La Jodederak, Mikel Kartonek eta berrogeita hamar emakume inguruk osatutako batukada erraldoi batek alaitu dute giroa.
Horma-irudi bat ere margotu da, zeinean, umorez, Gipuzkoako armarriko hiru haginak tximiniek ordezkatu dituzten.
Bukaerako ekitaldia Teresa Lopez de Munainek zuzendu du. Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldeko kide Xabier Mitxelena medikuak haurrak Onkologikotik ekarritako mezua irakurri du(atxikita). Ondoren, Clara Perales madrildarrak hartu du hitza. Valdemingomezko erraustegitik bost kilometrora bizi da Clara. Planta horren kontra kereila jarri duten 36 bizilagun minbizidunetatik bat da. Ekitaldiaren bukaeran, Lopez de Munainek berak Erraustegiaren Aurkako Mugimenduaren mezu bat irakurri du (Mugimenduaren mezua).
Argazkiak: Flickr