Dagoeneko jakin badakigu %80ko birziklatze tasa lortzea posible dela, horretarako bitartekoak jarri eta borondatea izanez gero. Modu honetan zabor nahasi ugari sortzea ekidin genezake, geratuko litzatekeen apurrarekin errausketa ez den beste irtenbide bat bilatzea posible izango genuke eta ez Gipuzkoan egin nahi duten bezala erraustegi toxiko bat inposatu eta 35 urtetan ordaintzen egon behar izatea. Gure eskaera berresten dugu, Zubietako erraustegiaren obren geldialdia eskatzen dugu eta gauzatu dezatela lehenbailehen Gipuzkoa osoan hondakin bilketa eraginkorra, tokian tokiko berezitasunetara moldatua, baina birziklagarriak eta konpostagarriak diren hondakin guztiak bildu daitezela. Energia horiek hondakin bilketa eraginkorrean jarriko balira erraustegi toxikoaren inposaketan jartzen diren bezain beste, dagoeneko helburuak lortuak izango genituzke, hots, %80ra jada ailegatuko ginateke.

Ormaiztegin %88ko (2017ko abenduko datua, 2017 osoan %89ko bataz bestekoa) bereizte tasa lortu bazen, beste edozein udalerritan ere lortzea posible da, logika sinplea da, edozein herri edo hiri auzoz osatua dago eta praktikak frogatzen du %88a bereiztuta, birziklatzera eta konpostatzera bidali daitekeela, praktika hori biderkatu daiteke beste edozein lekutan eta emaitza horiek lortuz. Beraz, aitzakiak bukatzen ari zaizkie populazio handiko eremuei, non birziklatze tasa apalak dituzten eta bizi diren biztanle kopuruagatik urtean izugarrizko tona zabor nahasi sortzen duten. Azken datuen arabera, Donostiak 288,80 kg zabor nahasi sortzen ditu biztanle eta urteko.

Modu berean eta adibidea handitu eta gaindimentsionatzeagatik (erraustegia dagoen moduan) herriez gain, gaur egun mankomunitateka ere emaitza paregabeak lortzen ari dira, aurreko adibidean aipatu bezala edozein herri edo hiri handitan lortu daitekeena. Sasietako Mankomunitatean %75eko tasa lortu zuten 2017ko abenduan eta Debagoienak %78,61 data berdinean. Beraz, esperientziak badaude, emaitza bikainak lortzen dira eta horretara jarriko bagina emaitza oso onak izango genituzke inolako erraustegi toxiko eta xahutzaileren beharra izan gabe.

Hori da exijitzen dioguna Gipuzkoako Foru Aldundiari, jarri ditzala indarrak emaitza horiek lortzen eta ez alferrikako azpiegitura kutsakor eta garestia eraikitzen. Lehendabizi lortu %80a eta ondoren ikusten dugu zer egin geratzen denarekin, baina ez alderantziz. Honekin batera goraipatu nahi dugu 2017ko martxoan plazaratu genuen alternatiba guztiz bideragarria dela eta hemen adierazi dugun guztiarekin batera, agintariek entzun gaitzaten, hurrengo otsailaren 24an manifestazio handia antolatu dugu Donostian, 17:30tan Gipuzkoa Plazatik hasita.

Manifestazio honetako puntu garrantzitsu bat herritarrak izango dira, hondakinak ondo bereizi eta eginbeharrak txukun gauzatzen dituzten horiei ahotsa eman nahi diegu, ondo egiten dutenak eredu dira eta nagikerian ezkutatzen direnei deiadarra egin nahi diegu.

Bide batez aipatu nahiko genuke Europako Parlamentuak pasa den 2018ko urtarrilaren 17an erabaki zuen erraustegiei ematen zaizkien dirulaguntza oro ezabatzea, erraustegien finantzaketa iturri nagusia kolpatuz modu honetan eta justizia eginaz, izan ere baliabideak erretzea inoiz ez da izango birziklatzea. Albiste hau erabakiorra izan daiteke erraustegien finantzazioari dagokionez.

Azkenik gure babes osoa adierazi nahi diegu Lasarteko Landaberri ikastolako irakasleei Hezkuntza Departamentutik jaso duten adierazpen askatasunaren aurkako erasoaren aurrean, erraustegia 500 metrotara eraikitzen ari dietela eta adierazi zuten kezka pankarten bidez Departamentuak kentzeko agindu baitie.

* Datuak mankomunitateen iturritatik lortuak dira.


Prentsaurrekoa

Manifestazioaren berri emateko prentsaurrekoa eskeiniko dugu otsailaren 9an (ostirala), Donostiako Udaletxeko prentsa areroan 11:30ean.


a