Azkenean ofizialki piztear dira Gipuzkoako erraustegiaren labeak. Ez herritarron borondatea, ez medikuen ohar larriak, ez mugimendu sozial, sindikatu, alderdi eta elkarteen eskariak, ezta alternatiba hobe, garbiago, merkeago eta eraginkorragoak badirela demostratzea ere… ez inori eta ez ezeri kasu egin gabe, azkenean Gipuzkoako agintari politikoek eta korporazio handiek egin dute nahi zutena. Proiektu kriminal hau martxan jarri duten agintarien izenak ez ditugu ahaztuko. Olano eta Asensio, zuen erraustegia izango da hau betirako.

Oraintxe ikusi dugu Zaldibarren gertatutako hondamendia. Gutxi batzuen negozioagatik milaka herritarren osasuna jarri dute arriskuan krisia sortu denean ezkutatu egin diren agintari politikoek. Neglijente hutsak dira, eta gero, halako egoerak kudeatu behar direnean, ez dute mailarik ematen.

Pribatizazioaren bideak zer dakarren erakutsi digu Zaldibarrek. Enpresa pribatuek batetik ez dute Jaurlaritzaren kontrol zorrotzik pasatzen, irregulartasunak topatzean lagunei nola barkatzen dieten ikusi dugu, eta Erkorekak eta Arriolak behin eta berriro esan dutenez, Jaurlaritzak topatu zituen irregulartasunengatik behintzat ez da amildu zabortegia. Agerian utzi dute Jaurlaritzak ez zuela usaindu ere egin gertatzear zena, nahiz eta geologoek esan eremua ez zela egonkorra. Eskandalu hutsa. Jakin dugu Gipuzkoako Aldundiak Urbaser enpresari hainbat hilabetez egunean 60.000 euroko isuna barkatu diola, proiektua garaiz ez amaitzeagatik. Agerian dago hemen aginte makila enpresak daukala eta Aldundian txontxongiloak besterik ez direla.

Pribatizazioak erakutsi du zaborraren mafiak ez duela eskrupulurik. Dirua egitea dela beren helburu bakarra eta horretarako praktika ustel guztiak aurrera eramateko prest daudela. Nork ziurtatzen digu Gipuzkoan geroz eta gehiago birziklatzen badugu, ez dituztela kanpoko hondakinak ekarriko hemen erretzera? Eta nork, erretzen dutena erretzen dutela, ez duela kalterik eragingo herritarron osasunean? Zaldibarrera nazioartetik kamioiak iristen ziren han nahi ez dutena hemen botatzera. Nola onartu hori?

Zaldibarkoak erakutsi digu zein den logika: noizbait Zubietan halako desastre bat gertatzen bada, agintariek zer esango digute, enpresaren errua dela? Txinako Urbaserri eskatzeko kontuak? Datuak ezkutatzen ibili dira eta berdin izan zaie ia 10 egunez herritarrak kutsatzea, beren aulki beroa arriskuan jartzen ez zen bitartean.

Horrez gain, Zaldibarkoak erakutsi du Asensio gezurti hutsa dela. Bere garaian esan zuen erraustegiak isuriko zituen dioxinak eta furanoak etengabe eta modu jarrian neurtuko zituztela, eta noizbait detektatzen bazuten kutsadura mailak gainditzen zituztela, momentuan bertan geratuko zutela… GEZURTIAK. Bost egun behar izan dira analitiken emaitzak jasotzeko Zaldibarren. GEZURTIAK. Nola engaina dezakete herria hain lotsa gutxirekin?

Zabortegiarena zer da, erabili-bota-nahasi… eta estali? Hori ez dator bat klima larrialdiarekin eta munduak behar duen norabidearekin. Asensio: Ez dugu B planetarik, zure kamiseta batek dioen bezala. Ekonomia zirkularra aldarrikatzen dugu eta hor erraustegiak eta Zaldibarkoaren moduko zabortegiek ez dute lekurik. Urkullu jauna, hau ez da konpontzen “barkatu nire pekatuak” esanez.

Sistema kapitalistaren diru-goseak ez du mugarik. Berdin dio tartean tragediak, langileen gorputzak edo istripuak egon. Aukera guztiak baliatzen dituzte batzuek beren patrikak gizentzeko.

PNV-PSOE tandemak hondakinen gaia ez du inoiz konponbidean jartzen. Inguru honetako dioxina eta furanoz kutsatu nahi gaituzte 35 urtez, eta horrez gain, Zaldibarko hondakinak Gipuzkoako erraustegira ekarri nahi dituzte. Hori arazoa lekuz aldatzea besterik ez da. Zaldibarkoak berriro erakutsi digu Gipuzkoan eta Euskal Herri osoan, gaikako bilketa sistema eraginkorren politikak aplikatu behar direla. Herriz herri pausoak eman behar direla eta ezin dela inor konformatu hondakinak nahasian botatzearekin.

Erraustegia piztu nahi duten honetan, berriro eskatzen diogu Olanori erakusteko denon izenean Zubietako erraustegia kudeatuko duen enpresarekin sinatu duten kontratua. Jakin nahi dugu, ageriko klausulez gain zer jaso den kontratu horretan, zeinen eskutan utziko dituzten ardurak eta erantzukizunak 35 urteko ibilbidean izango diren gorabehera sozio-ekonomiko, interes talka eta ezustekoen aurrean. Egia jakiteko eskubidea daukagu. Erakutsi, behingoz, kontratua!

Behin baino gehiagotan frogatu dugu alternatibak badaudela eta Gipuzkoako herri askotan egin dira hobekuntzak. Badago oraindik zer egina, noski, eta bide onean doazen herriek hobetzen jarraitu behar dute, baina badira oso kezkagarriak eta salagarriak diren egoerak eta herriak: Donostia, Irun, Lasarte-Oria, Hondarribia eta Elgoibar oso atzera dabiltza, ez dute urratsik eman gaikako bilketan. Erraustegiaren beharra herriotan jasotzen den zabor nahasiarekin justifikatzen dute eta hori ez da bidezkoa. Herri horietako agintariek dute desastre honen erantzukizuna. Eta bada garaia udal horiek beste politika batzuk markatzen hasteko.

Ez du balio esateak hiri handietan zaila dela bilketa sistema eraginkor bat jartzea. Adibide asko ditugu Gipuzkoan bertan, Donostiako auzoak adinakoak diren herrietan, atez ateko sistema bezala, beste era bateko sistema derrigorrezkoak jarrita, emaitza oso onak ematen ari direnak. Zer esanik ez, kanpora jotzen badugu, Kataluniara nahiz Italiara, esaterako.

Pauso berrien garaia da. “Errausketarik ez!” baldin bada gure aldarria, urrats berriak eman behar ditugu orain: gure udalek zorroztasunez hartu behar dute konpromisoa beraiek bildutako hondakinik Zubietako erraustegira ez bidaltzeko. Eskaera garbia da: udalez udal, eta batez ere hondakinak bereizita ongi jasotzen direnetan, ez eraman gure hondakinak erraustera.

Gipuzkoako herritarrok ere ekintza berriak antolatu behar ditugu Zubietako erraustegi kriminal horrek inguruko jendea eta etorkizuneko herritarrak kutsatu eta kaltetu ez ditzan. Guk, Errausketaren Aurkako Mugimendutik, segituko dugu kontrol independenteak egiten, herritarren artean informazio egiazkoa zabaltzen eta gure esku dagoena zorroztasunez egiten, denon etorkizuna erre ez dezaten.

Guzti honengatik, otsailaren 29rako Donostian beste hainbat eragilerekin batera deitu dugun manifestazio bateratura dei egiten diegu herritar guztiei.

Horrez gain, Zubietako erraustegia ofizialki inauguratzen duten egunerako protestak antolatzen ari gara. Oraingoz martxoaren 3a da mahai gainean dagoen data, baina ez da ziurra. Herri guztietan arratsaldeko 19:00etan kandelekin eta beltzez jantzita kontzentrazioak deitzen ditugu. Horrez gain, baliteke deialdi gehiago egotea, beraz, Erraustegiaren Aurkako Mugimenduaren komunikazio bideei adi ibiltzera eskatzen dugu, baliteke egunean bertan egin behar izatea deialdiak.

Errausketarik ez.
Erraustegia gelditu.