a

Errausketaren Aurkako Mugimenduak larunbaterako, martxoaren 25erako, alternatibaren alde eta errausketaren aurka Donostian deitua duen manifestaziori atxikimendua adierazi diote CCOO, CGT, CNT, EHNE, ELA, ESK, HIRU, LAB eta STEILAS sindikatuek. Gaur goizean honen berri emateko Donostiako Udalean prentsaurreko eman dute:

SINDIKATUEN ADIERAZPENA HONDAKINEN KUDEAKETARI BURUZ

Hemen elkartu garen sindikatuok gizarteari orokorrean eta bereziki langileei honakoa adierazi nahi diete:

Ezin dugu onartu, besterik gabe, gaur egun Foru Aldunditik inposatu nahi diguten errauste planta arrazoi hauek direla medio:

  • Hainbat ikerketek diotenez erraustegiak kaltegarriak direlako bere inguru zabal batean bizi diren pertsonentzat, dioxinen eta metal astunen ondorioz: sortzetiko malformazioak, minbizi desberdinak, arnas aparatuko arazoak, etab ugariagoak dira. Erraustegiaren inguruko langileen osasuna ere kaltetua izango litzateke, eta ezin ditugu ahaztu honelako instalazioetan gertatzen diren istripuak, langileengan duten arrisku zuzenagatik eta ondorioz sortzen den kutsaduragatik.
  • Zaborren errausketaren ondorioz klima aldaketa sortzen duten gasen isurketa (C O2 eta N Ox) asko handituko delako eta honekin batera lehorte edo uholde arriskua.
  • Inguruko nekazari eta ganaduzaleen produktuak balorea galduko dutelako, hauek eduki dezaketen kutsaduraren ondorioz.
  • Behin eta berriz ikusten ari den bezala, Gipuzkoako herritar askoren iritziaren aurka, herritarren partehartzerik gabe eta Europatik datozen aginduen aurka egin nahi delako. Bereziki, langileok hitza izan nahi dugu eta erraustegiaren gaian erabaki.
  • Dirutza handia suposatuko dielako gure Udalei, bai eraikuntzak, bai funtzionamenduak, eta diru hau multinazional baten esku pribatuetara joango delako, zerbitzu publiko baten truke. Gipuzkoan ere bizi dugun emergentzia sozialeko egoera honetan, lehentasunak pertsona zein natura izan beharko lirateke eta dirua oinarrizko eskubide sozialak bermatzera bideratu: enplegu duina, etxebizitza eskubidea, elikadura burujabetza, pobrezia energetikoari aurre egin, aberastasuna banatzeko mekanismoak, hezkuntza…
  • Lanpostu gutxi sortuko dituelako (80 Foru Aldundiaren esanetan); aldiz, hondakinen hierarkian oinarritutako eredu jasangarriak jarraituz 15 bider gehiago sortu ahalko lirateke.
  • Badagoelako errausketaren alternatiba, Gipuzkoako herri askok jadanik aplikatzen dutena: murriztea, berrerabiltzea, birziklatzea, konpostatzea. Geratzen den errefusa tratatzeko instalazio malguagoak, merkeagoak eta gutxiago kutsatzen dutenak asmatuta daudelako.

Honegatik guztiagatik dei egiten diegu langileei eta herritar guztiei martxoaren 25ean egingo den manifestazioan parte har dezaten. Langileok ere ozenki esan dezagun: ALTERNATIBA DAGOELAKO, ERRAUSKETARIK EZ.