Erraustegiaren kontrako Mugimenduak eta Gipuzkoa Zutik-ek aste honetan agerraldi bat egin dute Hernaniko Ezkiaga Plazan, larunbatean Hernanin bertan erraustegiaren kontra egingo dituzten ekintzetan parte hartzera elkarrekin deitzeko. Zehatz-mehatz, honako ekintzak izango dira:

FCC eta GHKra MARTXA

Gipuzkoako Hondakin Kontsortzioak Zubietako erraustegiaren eraikuntza laster esleitzeko asmoa duela eta, haren egoitzaraino protesta-martxa egingo da, Plaza Berritik 12etan abiatuta. Martxa zaratatsua izango da; beraz, parte-hartzaileei zarata ateratzeko era guztietako tresnak eramatea eskatzen zaie. Erraustegiaren gaia oso serioa den arren (azken batean gipuzkoarron osasuna dago jokoan), larunbatean ez da umorea falta izango. Izan ere, martxa GHKren aurrean parodia batekin bukatuko da. Martxan zehar, FCCko egoitzetako bat bisitatuko da. FCC erraustegia eraikitzeko eta kudeatzeko eskaintza egin duten enpresetako bat da. FCC bisitatuz, diru trukean gipuzkoarron osasuna (eta poltsikoa ere) arriskuan jartzeko prest dauden enpresak salatu nahi dituzte Erraustegiaren kontrako Mugimenduak eta Gipuzkoa Zutik ekimenak.

ERRAUSTEGIAREN ZORRAREN FESTA

Martxatik bueltan, Erraustegiaren Zorraren Festa egingo da Hernanin. Ordubietan hasiko da, herri-bazkariaekin. Bazkalondoan, berriz, bertsolariak, poesia haur-jolasak, margoketa-lantegia eta beste animazio batzuk egongo dira. Musika ere ez da falta izango, DJ Miau, Morau eta Duo do Porturen eskutik.