u15-1

“Zuen negozioa, guztion minbizia eta ruina” lemapean, Erraustegiaren kontrako Mugimenduak protesta-ekintza bat egin du gaur eguerdian Foru Aldundiaren eta Bancon Santanderren aurrean.

Ekintza honen bidez zabaldu nahi izan dugun mezua laburbilduta dago honako testu honetan.

GUTXI BATZUREN NEGOZIO ILUNA, GUZTION SUFRIMENDUA

Errauste plantek minbizia sortzen dutela gauza jakina da. Arnas aparatuko gaitzak ugaltzen dituela gauza jakina da. Hondakinak birziklatu ordez hauek erretzea astakeria bat dela gauza jakina da. Oinarrizkoa den zerbitzu publiko bat pribatizatzea herritarren kalterako dela gauza jakina da. 35 urtetan 2.000 milloi euro ordainaraziko izkigun azpiegitura kutsatzaile bat eraikitzea arduragabekeria itzela dela gauza jakina da.

Hau guztia baldin badakigu, jakin al daiteke zergaitik eraiki nahi edo “behar” duten?

Argi dago. Banco Santander eta La Caixa bezalako bankuek eta FCC bezalako enpresa handiek negozio borobila egiteko. Irabazle bakarrak beraiek izango dira. Gaur egun Banco Santander eta La Caixak milioika euro jasotzen dituzte hilero-hilero SWAPei esker, bere garaian egindako mailegua erabili ez bada ere.

Zenbat irabazi behar dute hurrengo errauste plantarekin? Badakigu diru-gosea bankero eta enpresarientzat aseezina dela, baina gure osasunaren kontura ez dira aberastuko! EZ NOSKI! Ozen diogu: gure esku dagoen guztia egingo dugu errauste-planta ez eraikitzeko, baina eraikitzen badute ere, ez dugu guk finantzatuko! Jakin dezatela banku honetako zuzendariek gure diruarekin ez dutela kontatzen.