Uztailak 28

Gipuzkoako Hondakin Kontsortzioak ostegunean, uztailak 28, bilera egingo du Foru Aldundian, Zubietan eraiki nahi duen erraustegiaren baldintza-plegua onartzeko. Oso erabaki garrantzitsua da, gipuzkoarron poltsikoak hipotekatuko dituelako… 2051. urtera arte! Izan ere, erraustegiak, aurrera egiten badu, hondakinak ez ezik diru publiko asko ere erreko du. Eta diru hori, nahitaez, gipuzkoarron poltsikoetatik aterako da, zerbitzu pulikoen, gizarte-laguntzen edota udal aurrekontuen kaltetan.

Baina erraustegiak euro bateko kostua izango balu ere, garestiegia izango litzateke, herritarren osasunari buruz ari garelako.

Kontsortzioak badaki gizarte-sektore zabal batek arbuiatzen duela erraustegi-proiektua. Seguru asko horregatik nahiago du pauso hau eman udako egun hauetan, Gipuzkoa erdia oporretan eta beste erdia oporrak hartzean daudenean. Baina Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak ez du horrelako erabaki bat oharkabean pasatzen uzteko inolako asmorik. Horregatik, ostegunean bertan (uztailak 28), goizeko 11etan, Gipuzkoa Plazan, Foru Aldundiaren aurrean bertan, ekitaldi batean parte hartzeko deia egin du.

Ekitaldia ikusgarriago egite aldera, Mugimenduak eskatzen die parte hartu behar dutenei maindire zuri bat eramateko (edo anbulantzietan eta kirol proben bukaeran erabili ohi diren manta termiko horietako bat). Ez da ezinbestekoa, jakina, baina, esan bezala, ekitaldia ikurgarriagoa egiten lagunduko dute.