Arg.: Dani Blanco

2017ko martxoak 25, larunbata. Donostia.

Eta galdetu dezakegu: non egongo ote gara 2051. urtean? 35 urte barru, nola biziko dira gure ondorengoak? Nolako airea arnastuko dute? Nolako zerbitzu sozialak edukiko dituzte? Zein gaixotasun sufrituko dituzte 2051. urtean? Nork eta zein dirurekin zainduko ditu gaixoak, zaharrak, umeak…?

Lagunok, hemen bildu gara ez dugulako onartzen erraustegi inposatu bat datozen 35 urteetarako kaltetuko dituena  gure osasuna, ingurumena eta denona den finantza publikoa.

Krisi ekonomiko sakonean bizi gara. Krisi ekonomikoak ekarri ditu krisi soziala, politikoa eta humanitarioa. Konturatzen hasi gara Lurra planeta bakarra dela, mugatua. Ezin dugu segitu berdin, “erabili-ta-bota”, “erabili-ta-bota”. Zergatik ez egin gauzak beste era batean? Zergatik ez egin hobeto?

Osasun krisi batean ere bizi gara. Gero eta minbizi gehiago, gero eta gaixotasun berezi gehiago. Erakundeek eten gabe ematen dizkigute oharrak: kontuz tabakoarekin, kontuz alkoholarekin, zaindu osasuna, egin ariketa fisikoa. Egunero esaten digute gaixotasun asko kutsadurari lotuta daudela. Nolaz baimentzen dute erraustegi berri batekin kutsatzea gure airea eta gure ondorengoek arnastuko dutena?

Krisi humanitarioa ere badaukagu. Garapen ereduak eragindako krisi sozial eta humanitarioa. Gure etxeetaraino ekarri du ezin bizia: langabezia, lanpostuen prekarietatea, etxegabetzeak, pobrezia gero eta ugariagoa. Hori gutxi balitz administrazioek inbertsio faraonikoetan xahutu dituzte diru publikoak eta inbertsio sozial guztietan murrizketak egiten dituzte: murrizketak osasungintzan, murrizketak irakaskuntzan, gazteen laguntzetan, ezindu eta pobreenen laguntzetan…

Lagunok, hemen bildu gara esateko EZ, esateko EZETZ, Gipuzkoarren bizitzak 35 urterako hipotekatuko dituen erraustegiari. Alferrikako den erraustegiari urte asko daramatzagu oihukatzen ERRAUSKETARIK EZ! Irun eta Hondarribian, Urnietan, Zubietan. ERRAUSKETARIK EZ! EZ ZUBIETAN ETA EZ INON! Urteak daramatzate Gipuzkoan erraustegia egin nahian zerbitzu publikoekin aberasten diren enpresa handiak eta lotsa gutxiko zenbait politikari.

Zubietan lurrak urratzen ere hasi ziren. Baina sei urte pasata oraindik ez dute lortu. Gu gaur hemen egotea erraustegia oraindik eraiki gabe egotea, ez al da garaipen bat izan? Horregatik esaten dizuegu denoi ZORIONAK eta MILA ESKER! Batzuek hemendik tiraka eta besteak hortik tirak, iritsi garelako 2017ko martxora ORAINDIK ERRAUSTEGIRIK GABE!

Baina GAINERA, lagunok, beste zerbait ere gertatu da Gipuzkoan azken urteotan, zerbait zoragarria, zerbait itxaropentsua: 2009an hasita Gipuzkoan martxan dagoela Alternatiba, erraustea baino garbiagoa, osasuntsuagoa eta merkeagoa. Ez liburuetan edo planetan idatzia, ez. Gipuzkoako udalerrien erdia baino gehiagotan, egunero dago MARTXAN hondakinen kudeaketa Alternatiboa.

Gipuzkoan demostratzen ari gara ez dugula hondakinak erre beharrik. Demostratu dugu gai garela bilketa on bat eginda  hondakinen parte oso handi bat aprobetxatu eta errefus kiloak jaisteko. Eta azken errefus hori tratatzeko erre beharrik ez daukagula.

Orain nahitaezkoa da udalerri askok egin duten bideari beste guztiek ere jarraitzea. Gipuzkoar guztiok berdinak eskubideetan. Gipuzkoar guztiok berdinak betebeharretan. Ez da onargarria batzuek 50 kg errefus azpitik botatzea, pertsonako eta urteko eta beste batzuek 250 kg edo 300 kg botatzen segitzea. Ez da onargarria eta ez da justua. Denon betekizuna da hondakinak murriztea eta sortutakoak ondo sailkatu eta tratzea.

Gipuzkoa puntako herrialdea izan daiteke hondakinen kudeaketa burutsu eta iraunkorrean. Garaiz gaude oraindik gauzak ondo egiteko.

Gipuzkoako Foru Aldundia gobernatzen duten alderdiei berriro ere esan nahi diegu: Gelditu ezazue proiektua! Hartu ezazue hondakinen kudeaketa onaren norabidea! Egin kasu herritarrok eskatzen dizuegunari!

Lagunok, asko egin dugu aurrera urteotan. Goazen aurrera gauzak ondo eginez hondakinen kudeaketa gero eta hobea eginez.

Bai! Badaukagu Alternatiba!
Ez! Ez! Ez! Errausketarik Ez!

Bideoa

Martxoaren 25ean, “Alternatiba dagoelako, Erraustegirik ez” lelopean Donostian egindako manifestazio jendetsuaren bideoa.

 

Argazkiak